XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JOSE MANTEROLA, EGILE ETA ERAGILE / Donostia, 1984-1V-27

Donostiar ospetsuen artean tokirik gorenetakoa merezi du Jose Manterolak, bereziki gure kulturgintzaren munduan eta euskara zuzpertzez.

Horregatik, legezko zitzaion Euskaltzaindiari bere heriotzaren mendeurrenez omenalditxo hau eskaintzea.

Aurtengo martxoaren 23an bete ziren ehun eta hogeitamabost urte Jose Manterola hiri hontan Narrika kaleko 1ean jaio zela eta San Bizenten bataiatu.

Laburra izan zen beretzat mundu hontako bizitza, baina bere iragan laburrean zenbat lan on egin zuen ez da hain erraz neurtzekoa.

Denboraz izan zuela diot bizitza laburra, ez ordea ekintzaz.

Bere lana ikusirik argi dago denbora labur hura ongi aprobetxatu zuela eta edonori zaio luze; baina jakin zazue 35 urte bete gabe hil zela, 1884ko otsailaren 29an, intelekto lana hain buruz bete zuen gizona.

Donostiako Santa Maria elizan egin ziren bere animaren aldeko hiletak.

Gazte joan zen, baina bere gogoa utzi zuen ondorengoen baitan, euskaldungoak iraun zezan.

Eta gaur egungo euskaltzaleok ezin esan berari ezer zor ez diogunik.

Manterola erromantiko giroan hasia eta hezia zen.

Gaztetxotatik txertaturik zeraman gogo suharra bere herri hontako gauzen alde eta hortarako jakintza sendoz jabetzen ahalegindu zen lehenik, ondorean frutu onak eskaini ahal izateko asmoz.

Bere aita, Gregorio Manterola, diputadu jenerala izan zen, jakintzaz nahiko ondo hornitutako gizona.

Jose berak Bergarako Seminario hartan egin zituen batxiler ikasketak, Valladolid, Zaragoza eta Madriden jarraitzeko Filosofia y Letras karrera bukatu arte.

Haurtzarotikakoa bai zuen literaturarako zaletasuna, eta estudioak amaitu baino lehen hasi zen Madrid-eko El Resumen aldizkarian idazten, gero foruzaleen La Paz-en eta liberalen Aurrera aldizkarietan gure herriaren defentsaz kolaboratzeko.

Lehen liburua ere gaztetxo zela burutu zuen: Gipuzkoako gida esku-liburu bat argitaratuz 1871. urtean, artean hogetabi urte baizik ez zituela.

Handik bi urte barru Diario de San Sebastián-en zuzendaria zen.

Laster lortuko zuen Donostiako Biblioteka Munizipalaren zuzendaritza.

Eta, horrez gainera, Instituto Nacional de Segunda Enseñanza-ko irakasle zen.